Izan ginela badakigunez, nor izan ginen eta zer egin genuen galdetu behar. Horiei erantzun nahian, artxibo lan zorrotza egin dute Cira Crespo historialariak eta Elena Ciordia ilustratzaileak kutsu literarioko azterlan hau eraikitzeko. Historiaurretik abiatu eta gure garaira arte, berrogeita hamar emakume baino gehiago aurkezten dizkigute, norbanakoak eta taldeak, betiere bizirik ez daudenak, bizi direnak beren historia idazten ari baitira oraindik. Helburua, argia: zenbait emakumeren bizitza ezagutarazte hutsetik harago, historia kolektibo bat eraikitzeko oinarriak jartzea, hots, Euskal Herriko iruditeria zimenduetatik eraberritzea.
Norbanakoen eta kolektiboen izenen bitartez, historiari identifikazio bat jartzen zaio, eta horrek irakurleari lagunduko dio harekiko posizio bat hartzen; ilustrazioak, berriz, tresna historiko aparta dira emakumeon presentzia gorpuztuaren kontzientzia hartzeko eta garai jakin batekin lotzeko. Horrela, ordena kronologikoan aurkezten zaizkigu baronesak, hiltzaileak, bertsolariak, eraikuntzako langileak, inprimatzaileak, kontrabandistak, medikuak, tabernariak, artistak, bai eta senide, alaba, alargun eta amak ere. Dibulgaziozko lan ilustratu hau historia birpentsatzeko oinarri ezinbestekoa da, ahalik eta kontaketa osoenaren bidean.
ELENA ZIORDIA DOMINGUEZ:
Ortuellan jaio bazen ere, Gorlizen bizi da azken 20 urteotan. Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, pintura espezialitatearekin, eta hainbat erakusketa egin ditu, bai berak bakarrik eta bai taldean (Bartzelona, Madril, Bilbo, Valentzia, Valladolid eta abar). Norbanakoentzat eta zenbait museo eta instituziotarako lanak egin ditu, esate batera, Naif Arteko Nazioarteko Museoa (Jaen), Posta eta telegrafo Museoa (Madril) eta Bilboko Ospitalea. Azken urteotan, ilustrazioa landu du gehienbat; bide horretan, zenbait liburu ilustratu ditu, kasurako, Guggenheim Bilbao Experience (Guggenheim museoa), 30 emakume ahaztezin (Emakunde) eta IV. BizkaIdatz Txikia (Bizkaiko Foru Aldundia).